XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta, lehenbiziko izurrite garaian, laurogeita hamar urte lehenago, auzoko konderrian jazo eta balada berri baten iturri izan zen gertakizun bat kontatu nion handik hara.

Urrutiko lurralde batera ezkonduta zegoen emakume gazte batek, bere jaioterrira nola itzuli zen ezin argiturik, hilda zegoen anaiak ekarri zuela adierazi zuen...

- A bai!

Lehendik ere horren aditzera badudala uste dut - esanez moztu zidan -.

Oker ez banabil, neskak Jorundine zuen gainera izena...

- Jorundine edo Doruntine.

Bietara esaten diogu.

- Balada bikaina da hori.

Emakume gazteari buruz zebiltzan zurrumurruak datozkit burura eta hark bere burua zuritzeko modua, anaiak bizi zela agindu zion zerean oinarritu zuela...

Ez al duzue, gainera, zuen hizkuntzan hitz berezi bat tradizio hori adierazten duena?

- Bai, bessa.

- Hori, baessa - errepikatu zuen, hitzak irteten lanak eta, hartan ezpainak urratu izan balizkio bezalako keinu batez.

- Urte askoan aritu gara misterio hori argitzeko asmoan ikerketak egiten.

Hipotesi mordo bat ere aurkeztu izan da, bakoitza zegozkion argibide guztiekin, baina, ahaztu egin dira denak eta ez da elezahar soila besterik geratu.

- Laudatua izan bedi Jainkoa! - egin zuen -.

Tristea izango zen gisako pitxi bat galdu izana.

Delako elezahar hori hainbesteraino estimatzen zuela ikusteak, beste edozein aukeratan isilik gordeko nituen xehetasun batzuk eranstera bultzatu ninduen.